XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inkontzienteen keinuei besterik gabe, irteera emate soila balitz, ohiko espresionismo baten aurrean egongo ginateke, subjektibotasunaren proiekzioaren zentzuan.

Bide horretatik joko dute Europan action painting joeraren oinordekoek: tachisme eta orban psikografikoaz mintzo direnek.

Pollock-en arazoa askoz korapilotsuagoa da, proiektatzeaz gainera, espazioa betetzea ere interesatzen baitzaio.

Eta betetze horrek prozesu forma hartzen du.

Nahiz eta Pollock-ek esan: Pintatzen ari naizenean, ez naiz egiten ari naizenaz ohartzen, horrek ez du esan nahi pintatzailea, nolabait esateko, koadroaren arduraduna ez denik.

Inondik ere ez, Pollock-ek esango du koadroa ezaguna egin behar zaiola.

Hala izan ezean, koadroa nahaste-borrastea (a mess) dela.

Esan beharrik ez dago, Pollock-ek koadroari ezartzen dion eskaera hautatu horrekin ezaguna izatea, eta atsegin ez duen mihisea baztertzean, Pollock-ek argi eta garbi berreskuratzen duela arte lanaren kontrola.

Espresionismo oso fina dugu aurrean, espresionismoaren eta proiekzio subjektiboaren arteko ohiturazko lotura gezurtatzen duena: Arte lanaren barruko materialen antolaketa autonomoak mugatzen du artistaren proiekzioa.

Beste era batera esateko, arte lanaren sorrera aldez aurreko irudikapen gidari edo bozeto bati modu erabakiorrean lotuta ez dagoen neurrian, eta mihisearen gainean zuzenean lan egitea Jackson Pollock-entzat premia zen neurrian, neurri horretan bertan lanaren sorrera keinua eta irudia, materia eta forma, ez dira argi bereizten, aitzitik bat etortze harrigarri batera iritsi dira.

Bere taldeko gainerako pintatzaileak jabeturik zeuden Pollock-en prozeduren izaera iraultzaileaz.

De Kooning-ek esango du hartaz, bidea ireki zuela.

Pollock, bai ekintzari berari dagokionez eta baita erabiltzen dituen materialen aniztasunari dagokionez, pintatzaileari mesede egingo dioten askatasunen aitzindari jeniala da.

Askatasun horiek azaltzeko orduan ez da garrantzirik gabea Pollock-en lanaren izaera ez irudizkoa azpimarratzea.

Bi zentzutan, pintura ez-irudizkoak Pollock-en berrikuntza teknikoei ateak irekitzen dizkie.

Zentzu estuan, argi dago dripping teknika ezinezkoa litzatekeela irudikatzeari eusten dion lana izanez gero.

Keinua eta imajina lotzen dituen iharduerak ia ezinbesteko baldintzatzat eskatzen du azken horren irudikatzerik ez izatea.

Bigarren zentzuan, irudikatu beharrik ez izatean kontzientzia, irudikapenak egiteko ezinbestekoa dena (historian zehar gutxienez irudikatzea manipulazio deitu dugun iharduera moduari loturik egon da), bigarren mailara pasatzen da, eta pintatzaileak beste maila batzuetan bila dezake inspirazioa, eta ihardueran ere kontzientziaren salatze lana ere txikiagoa da.

Kritikari batzuek nabarmen utzi dute Pollock-en kultura kristaltzeko ahalmena, gure mende honetako artean Picassoren Avignongo andereñoak edo Mondrianen geometriekin bakarrik agian konpara daitekeena.

Pollock-ek eman eta hartu behar dela esatean, eta arte lanari berezko bizitza emateaz hitz egiten duenean, lanak bere burua antola dezan aukera eman behar zaiola, eta aldi berean bere partaidetza orkestratze lana balitz bezala ikusten duela, eta lanaren bizitza autonomoak bere bidea urra dezan utzi behar zaiola esatean, artearen alorrean, lana egiteko era berri bat sarrarazten ari da,

(...) berak duen arrazionaltasunaren arabera seguraski, teknologia modernoa bere azken estadioan (iraultza zientifiko-teknikoan) eskatzen ari denetik hurbil, oso hurbil, dagoena.